2006-11-30

EUSKAL HERRIAK-NAFARROA (Sartaguda)

Memoriaren Parkea eraikitzeko lanak astelehenean hasiko dira
Nafarroako 62 udalek bat egin dute proiektuarekin; Sartagudan eginen dute, fusilatuen senideen eskutik
Azken txanpa hasteko prest. Duela bost urte hasi zen mamitzen 36ko gerran Nafarroan fusilatu zituztenez oroitzeko proiektua, Sartagudan (Nafarroa). Ideiek Memoriaren Parkean egin dute bat. Duela urtebete aurkeztu zuten Nafarroako Fusilatuen Senitartekoek eta Sartagudako Alargunen Herriak elkarteak beren egitasmoa, eta orduan asmoa besterik ez zena astelehenean hasiko da gauzatzen. Parkea eraikitzeko lanak hasiko dira.
Senideek pozik iragarri dute lanen hasiera, eta azpimarratu dute nafar guztien parkea izanen dela. «Ez dago gorrotorik, ezta ahanzturarik ere; parkean justiziak eta memoriak eginen dute bat», azaldu du Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteko bozeramaile Joseba Ezeolazak.
Ideia horrekin bat egin du Sartagudako Alargunen Herria elkarteko buru Juan Carlos Espinosak. 36ko gerrako errepresioak gogor jo zuen herri hori Nafarroan. Espinosak ez du zalantzarik: «Ez dugu nahi Memoriaren Parkea soilik gure elkartearen zerbait izatea; herritar guztiena izan dadila, hori da gure helburua. Zauriak ixteko garaia da». Etorkizunean parkearen ondoan memoriaren etxe bat edo museo bat zabaltzeko aukera ez dute baztertzen Sartagudan.
«Parke bizia izan dadila», gaineratu du Ezeolazak. Gune horrek izanen duen funtzio soziala nabarmendu du. «Doluari amaiera emateko beharra dute senitartekoek, eta Memoriaren Parkeak eskainiko die horretarako aukera. Bat egiteko gunea izanen da».
62 UDAL PROIEKTUAREN ALDE. Proiektuak ahalegin handia eskatu die senitartekoei azken urteotan. Iaz proiektua aurkeztu zutenetik, 26 hitzaldi eskaini dituzte Nafarroako beste hainbat herritan, Memoriaren Parkearen berri eman, eta laguntza jasotzeko. Izan ere, 460.000 euroko aurrekontua du egitasmoak. Egin duten lanak eman du emaitzarik, eta kopuru horren %25 baino ez zaie gelditzen biltzeko.
62 udalek egin dute bat Memoriaren Parkearekin, eta 100.000 eurorekin lagunduko dute. Ez dago tartean Iruñekoa, eta tamalgarritzat jo du du Ezeolazak erakunde horrek senitartekoei elkartasunik agertu nahi ez izatea. Aitzakiarik gabeko hutsa dela azpimarratu du. Nafarroako Parlamentuak 150.000 jarriko ditu, eta 120.000 Espainiako Gobernuko Lehendakaritza Ministerioak. Senitartekoen elkarteek beste 30.000 euro lortu dituzte.
Lanak astelehenean hasiko dituzte, eta lau edo sei hilabete iraunen dute. Ingurua urbanizatzea izanen da lehen zeregina, eskulturak, testuak, eta Nafarroan hil zituzten 3.280 fusilatuen izenak jasoko dituen horma jarri ahal izateko. Eskulturak Jose Ulibarrenak, Nestor Basterretxeak eta Jose Ramon Andak eginen dituzte. Ulibarrena lanean ari da jada parkea hartuko duen inguruan; testuak, berriz, Bernardo Atxagak, Montxo Armendarizek, Castillo Suarezek, Pablo Antoñanak eta Jokin Muñozek eginak dira.
Parkeaz gain, Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak badu beste lanik, Ezkabako gotorlekuko hilerrian dauden gorpuak berreskuratzeko indusketak hasteko zain baitira. Azken baimenak jasotzea besterik ez zaie falta. Hemezortzi gorpu ateratzeko eskaera jaso dute haien senideen eskutik.
© berria.info

No hay comentarios.: